miércoles, 7 de noviembre de 2007

onddo biltzailea



Nafarroan eta Euskal Herri osoan hain preziatuak diren onddoei buruz arituko naiz. Irudi honetan, ultzamako bailaran onddo biltzaile bat ikus dezakegu.









Saltsan onddoak, bai, eta behingoagatik mokadu gozoa izan gabe. Izan ere, kalapita dezente sortu du aurten Ultzama bailaran indarrean jarri duten neurriak: perretxikoak biltzeagatik ordaintzea. Iazko aparteko onddo sasoiak masifikazioa eragin zuen Ultzaman, eta masifikazioak arazo ugari sortu bertako biztanleen artean. Horren ondorioz erabaki zuten onddo bilketa arautzea. Orain, Ultzamako basoetan onddoak bildu nahi dituenak baimena ordaindu behar du, kopuruak desberdinak badira ere biltzailea nor den (ultzamarrak, kanpotarrak, saltzeko jasotzen dituztenak…). Soilik Ultzamako herri batek, Ilarregik, ez du neurria indarrean jarri. Neurriak polemika piztu du, dirua biltzeko trikimailu hutsa dela eta basoa guztiona dela baitiote askok. Alde daudenek, aldiz, jendea hezteko eta basoa babesteko baliagarria izango dela diote. Babes neurri hutsa da ala mikroturismoa sustatzeko ahalegina?
Jasotako iritzi batzuk jarraian:
"Gauza da ikastea, ez bakarrik kobratzea eta kito"

Edurne Gerendiain lizasoarra:"Zizek basoan duten garrantzia ezagutzen dugu, bertan eragina dutelako. Aurten gure lana informazioa ematea izango da, helburua kontzientzia mikologikoa sortzea baita. Eta basoarekiko errespetua sortzea, ez bakarrik zizen inguruko arazoak konpontzea", azaldu digu Edurnek euren jardunari buruz. Ultzamara perretxikoak biltzera jende asko joan omen da azken bospasei urteetan, eta iazko masifikazioaren ondoren, aurten neurria indarrean jartzea erabaki dute, nahiz eta proiektuarekin bi urte daramatzaten. "Jende asko etortzen zelako hartu zen batez ere neurria. Eta batez ere egun zehatz batzuetan eta toki berberean jende asko bildu zelako. Iaz, adibidez, bi astetan 20.000 pertsona etorri ziren. Eta hori gehiegi da: onddo guztiak hartzen zituzten, ezagun nahiz ezezagunak; zaborra basoan; jendea soro partikularretan sartzen zen… Deskalabru hutsa izan zen". Hala, jarduna arautzea erabaki zuten, eta horretarako Sorian (Espainia) indarrean den eredua kopiatu zuten.
Urriaren 12an izan ginen Ultzaman, eta Edurnek esan zigunez, irailaren 15ean neurria indarrean jarri zenetik "600 baimen saldu ditugu". Alabaina, aurten onddo gutxiago izan direnez, ezin neurtu neurriak eragin izan ote duen ala ez. "Bertako jendea nahiko pozik dago neurriarekin, eta kanpokoen artean bada ados dagoen jendea, eta beste jende asko ezetz. Baina beno, hori hasieran izan zen. Ia hilabete daramagu zabalik, eta gutxienez, etorri den jendea oso pozik joan da. Zeren gure lana ez baita soilik kobratzea, informazioa ere eskaintzen dugu: informazio mikologikoa egunero, jangarriak eta toxikoak diren zizen erakusketa, mikologoaren aholkuak…". Halere, neurriarekin ados ez dagoen jendea ulertzen duela dio Edurnek. "Baina nik jende horri galdetuko nioke ea nola egingo luketen beraiek hau kontrolatzeko. Kudeatzea ez da batere erraza". Dena dela, "hau esperientzia pilotu bat" dela gogorarazi digu, eta, beraz, "aurten ikusiko dugu. Ez badu ondo funtzionatzen edo ikusten badugu ongi ez doala, bada, aldatuko dugu. Zergatik ez? Gauza da ikastea, ez bakarrik kobratzea eta kito". Gainera, datorren urtean eskaintza aberasteko asmoa dute: hitzaldiak, aste mikologikoa, irteerak…
Ultzamara joaten den jendea batez ere onddo bila doa. "Onddo bila bakarrik, eta beste guztiak hausten dituzte, ez dituztelako ezagutzen". Hori aldatu nahi omen dute neurriaren sustatzaileek. Baina neurria indarrean denetik, "nire ustez harrigarriena da mendira ziza bila inoiz joan ez den jendea etortzen dela". Eta batere ideiarik ez duen jendeak ez ote du hartuko topatzen duen guztia, basoaren kalterako? "Nik ezetz uste dut. Baina beno, jende hori kontzientziatua etortzea lortzen badugu, eta orain arteko ohiturak aldatzen baditugu…". Denborak esango du. Gutxienez, orain artean ez dute aparteko arazorik izan baimenik gabe dabilen jendearekin. "Ez dugu istilurik izan. Espero genuena baino hobeto joan da". Alta, Ultzamara joan ohi direnen artean haserrea ere sumatu dute. Baina jendearen jarrera aldatzen ari dela dio, eta beste bisitari asko "hasieran kexuka ibili arren, orain pozik daude".
“Orain lasai asko joan zaitezke mendira”
Sandra Iraizoz 21 urteko gaztea Ultzamako Elizaburu herriko da. Lizasoko Kuartelenean, topatu dugu, beste auzotar batzuekin solasean. Neurriarekin ados dago, aurten “herrian lasaiago egon gaitezkeelako”.

“Neurria nabaritu da. Iazkoa salbuespena izan zen, onddo asko atera eta jende pila izugarria etorri zelako. Baina aurten, gutxiago atera direnez eta neurri berria ezarri dutenez, badirudi jende askok atzera egin eta ez etortzea erabaki duela”, erantzun digu Sandrak aurtengo udazkenean Ultzamara gerturatu den jendeaz itaundu diogunean. Iazkoa aparteko udazkena izan zen onddo kontuetan, beraz, neurriaren ondorioak baloratzeko ez da erreferentzia egokiena: “Jende aldetik, beste edozein urterekin aldera daiteke aurtengoa. Pasa diren azken bi urteekin ez, jakina. Baina duela lauzpabost urte izandako kopuruak aurtengoaren antzekoak izan ziren”.
Sandrari ongi iruditu zaio perretxiko bilketa arautzen duen neurria ezartzea, “onddoak atera egin behar duelako. Iazkoa gehiegizkoa izan zen: oraindik handiegiak ez zirela hartzen zituen jendeak, eta horrela lortzen duzun gauza bakarra berriro ez ateratzea da. Onddoak nahi badituzu, ingurunea errespetatu behar duzu”. Horrez gain, iaz izan ez zuten lasaitasuna berreskuratzea eskertu du: “Orain lasai asko joan zaitezke mendira. Ez duzu autoa uzteko arazorik, eta ez duzu ukalondoka ibili beharrik onddo bat topatu eta beste batek ere ikusi duenez, hark ere hartu nahi duelako. Halakoak ikusi ziren; neuri gertatu zitzaidan!”. Iazko masifikazioak, antza, gehiegi asaldatu zituen ultzamarrak. Asaldatu eta ernegatu, Sandrak kontatu digunez. “Zenbait liskar ere izan ziren, ganadua falta izan zelako batzuetan, eta abeltzaintzaz bizi den jendeari bizibidea falta bazaio, pentsa dezakezu...”. Eguneroko jarduna erabat baldintzatu omen zien perretxiko biltzaileen inbasio hark: “Bertako askok ezin zuten ganadua zelaira joateko etxetik atera ere egin, autoak edozein tokitan uzten zituelako jendeak. Atakak ere zabaltzen zituzten, eta lur pribatuetan autoekin sartu... Horrela zaila zuten lan egitea”. Ondorioz, neurriarekin gustura dago, eta perretxikoak biltzeko ordaintzeak ez dio axola. “Gainera, ez duzu soilik perretxikoak biltzeagatik ordaintzen, zerbitzu bat duzu atzetik: mikologoa aholkuak emateko, aparkalekuak...”. Halere, bailaran neurriaren aurka dagoenik ere badela esan digu: “Bada, bai, kontra dagoen jendea. Baina nik uste beste arrazoi batzuengatik dela. Esaterako, neurria betetzen den ikusteko, noizean behin basozainei laguntzera foruzainak eta guardia zibilak etorriko zirela esan zuten. Eta jendea kexu da horregatik, hona etorrita foruzainek salaketaren bat jarriko ote dioten beldur-edo”.

No hay comentarios: